joxangoikoetxea





Itakarantz abian zoazela,
luzea harainoko bidea,
oro mentura, oro ikaskizun.
Luzea biz harainoko bidea,
eraman zaitzatela sarri goizaldeek
begiontzat bitxi diren portuetara,
jakintzaren jabe diren hirietara.
Gorde beti bihotzean Itaka.

Hura gabe ez zinen jalgiko,
txiro baderitzozu, ez zaitu hark
engainatu; heldurik dakikezu
argiro zer diren gure Itakak.

Segi, etengabe segi,
atzean utziz bihar hurbil hori.
Eta ustez heltzean,
bilatu nondik jo aurrera.


Lluís Llach. Itaca.


Zergatik samintzen nauzue hainbeste
musika oldarkor arnastuek
zuen exaltazio zorabiatuekin
harmoniak bere argudio harrigarriak
oinazea eta penaren gainetik dituenean eraikitzen,
madarikazio bat ote dagoen azkenean
sormenaren laberinto zehaztu ezinetan
hor, zigiluz hertsitako adileku besteratuetan,
esaidazu zergatik, Johann Sebastian,
zure esakera bakoitzak bortizki naraman
otoitzaren erpinean legokeen heriotzera,
amets bat bailitzan
edo agian loaren azken nagia,
zor genien haientzat errukirik ez denean gelditzen
hortxe musika batzuen lanturua baizik,
esaidazu non dauden galdutakoak
zer sonata edo zer adagiotan trabatuak,
gu eta haien artean
misterio izugarrien itzala baizik ez denean gelditzen.


Xabier Lete. Egunsentiaren esku izoztuak.